XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Estatu Batuek zabaldutako gezurrak salatu dituzte Dominikar Errepublikako buruzagi ezkertiarrek.

Dominikar Errepublikako bi buruzagi komunistek gezurtatukoaren arabera, ez dira ematen herrialde horretan, gerrila armatuarentzat baldintzarik, eta are gutxiago, Libiaren babesa ekonomikoaz gerrilariak entrenatzen direnik.

Bai Rafael Taveras Bloke Sozialistaren buruzagiak, bai Narciso Isa Conde Dominikar Partidu Komunistaren idazkari orokorrak bakoitzak bere aldetik adierazi dutenez, salaketa horiek Estatu Batuen asmakeriak besterik ez dira.

Abuztuaren lehenan Estatu Batuetako administrazioak Libiari zera leporatu zion, alegia, Latinamerika eta Karibean zabaldu dituzten zentru erlijioso islamikoak, talde terroristekin mantentzen dituzten harremanak mozorrozteko erabiltzen dituen muntaketak besterik ez direla.

Estatuko Departamenduak plazaratutako txosten batetan, hogeita hamabi herrialdeen izenak agertzen dira.

Iparramerikarren esanetan herrialde hauetan Libiak talde gerrilariak prestatu eta armatu omen ditu.

Besteak beste honako herrialde hauek aipatzen dira txosten horretan, alegia, Dominikar Errepublika, El Salvador, Honduras eta Guatemala.

Salaketa hori ikusirik, Isa Conde eta Rafa Taverasek zera azaldu nahi izan dute, hots, Estatu Batuetako salaketa horiek, Ronald Reagan presidenteak Libia edota Nikaraguaren kontra ekindako gerraren barnean kokatu beharreko eraso bat direla.

Buruzagi komunista dominikarren ustez, Estatu Batuetako administrazioa nazioarteko komunikabideetan duen eraginaz baliatu da, Dominikar Errepublikari dagokionez behintzat, gezur hutsa den informazioa barreiatzeko.

Taverasek galdera bat luzatu die iparramerikarrei, alegia, azal dezatela bertako zein talde gerrilariari eskeintzen dion bere babesa Libiak.

Politikari ezkertiarrak sei milioi t'erdi biztanle dituen Karibeko herrialde honen egoera politiko eta soziala aztertuz, badagoela nolabaiteko oreka instituzionala esan du, honen eraginez, herrialdean talde gerrilariak antolatu edota borroka armatuari ekiteko baldintzarik ematen ez dela, behin eta berriro errepikatu nahi izan duelarik.

Iraultzaile nahiz atzerakoiak bitarteko legalak erabiltzen dituzte.

Isa Condek bestalde zera eman du aditzera, alegia, herrialde horretako indar politiko guztiak, ezkertiarrak nahiz eskuindarrak, iraultzaileak zein atzerakoiak egungo egoerak bultzaturiko baldintzetan dihardutela, hau da, bitarteko politiko legalak erabiliaz.

Orain arte, nik dakidala behintzat, eta gure herriko edonork berdin berdin, inor ez da bitarteko militarrez baliatu, ez bada boterean dihardutenak, eta hauek sarritan erabili izan duten indarra errepresio basatia burutzeko, 1.984. urtean gertatu zen legez, adierazi du Isa Condek, urte horretako apirilaren 23, 24 eta 25ean, Nazioarteko Monetar Fondoak hartutako erabaki baten ostean denda txikietan lapurretan zebilen jendearen kontra tiroka hasi eta ehun lagun baino gehiago hilik suertatu zirela gogoratuz.

Marxismo-leninismoan oinarritzen den Partidu Komunistaren idazkari orokorrak, gogorki salatu du bere ustez historian zehar inoiz egon den estaturik terroristena.

Reaganen administraziopean egungo Estatu Batuak alegia.

Isa Condek esandakoaren arabera, ez iparramerikako buruzagiek, ez beren komunikabide publizitarioek ez dute inolako aginpiderik modu horretako salaketarik egiteko.

Buruzagi komunista biek azaldu dutenez, Libia eta Estatu Batuen arteko gatazka erabiltzen dute mendebaldeko herrialdeek, egun Latinamerikan ematen den egoera, gerrilaren eraginari leporatzeko, horrela egia izkutuan gordetzen delarik, hau da, egungo gatazka larria egoera politiko eta sozialaren eraginez ematen dela.

Santo Domingo.

Dominikar Errepublikako ezkertiarrek iparramerikarren gezurrak gogorki salatu dituzte.